Binilotik sarera lau akorde, aipamena
Biniloaren garaikoak batzuk, garai digitalekoak besteak… Getxoko musika mugimenduaren belaunaldi ezberdinetako lagunak batu gara aste honetan Algortako Villamonteko Eztabaida gune antiautoritarioan UK aldizkariaren eskutik, Getxoko Euskal Kulturaren XIII. Jardunaldien barne; beste askoren artean, Bittor Egurrola (kantautorea), ni (Alproja), Mikel “Piña” (Ukabilkada) eta Eneko Burzako (Nun/Mobydick), azken hau bideo baten bidez.
40 urteotako euskal musika getxoztarra aztertzen ibili ginen, lagun giroan, gustora. Bittorrekk bere garaiko kontuak ekarri zituen gogora; Ez dok hamairu eta Herrikoi mugimenduak, bere emanaldiak, garaiko aberastasun musikala, Pi de la Serra, Raimon… Mikelek aldiz, joan zen hamarkadako Getxoko musika giroa azaldu zuen. Euskal musikak leku gutxi izan duela nabarmendu zuen Mikelek. Era berean, musika ona, duina. Burzakok oso bideo interesgarria oparitu zigun; hausnarketarako hainbat gauzatxo. Egon giñenok badakigu!
Benito Lertxundi Mairuelegorretan; Ikimilikiliklik ikuskizuna Basauriko Social zineman; Charlot tabernan 70.eko hamarkadan lagunekin entzundako musika; Errobi, Itoiz jaietan, eta la Mondragón; hauek gogoratu nituen 80.eko hamarkadan abiatu aurretik, 40 urteotako euskal musika getxoztarraren zirrikitu horretan. Lemoizko zentral nuklearraren aurkako jardunaldietan Galean, hilerri inguruan, Niko Etxart, Leño, Te Beat, Zarama eta Bloque… ez dut besterik gogoratzen, taularatu ziren. “Martxa eta borroka” lemapeko kontzertuan La polla eta Kortatu izan ziren Fadurako frontoietan. “Muskaria” getxoztarrek sortutako aldizkaria, Bost Axola irrati librea. Emon behi bi. Zer geiau? Rip, MCD, Delirium eta Alproja 1988ko iñauterietan.



