Twitter-ek beldurra ematen du

Posted by kpetralanda on 27 Enero 2012 under 2.0, General | Be the First to Comment

Ez dakit Twitter-ek esan duena zenbateraino den egia. Adierazpen askatasuna herrialde bakoitzean modu “desberdinean” ulertzen denez, horren arabera murriztuko ditu edukiak.

Arabiar udaberria bezala ulertu den mugimenduan Twitter-ek garrantzia izan bazuen ere (hori esaten dute batzuek behintzat) hemendik aurrera Egipton edota Libian gertatuko dena ez du islarik izango tweetetan? Egipton gaur boderean dauden militarrek, aurreko buruzagiak baino sinesgarritasun gehiago dute? Libian egun Gadafiren jarraitzaileak torturatzen dituztenek ez dute merezi NATOren erasorik?

Nazioartean zabaltzen den neurri berean, adierazpen askatasuna ulertzeko modu desberdinak aurkitzen dituela esan dute eta horrek herrialde bakoitzeko legeria onartzera behartzen omen dio. Beraz, legeek ematen diote neurria adierazpen askatasunari. Oso bitxia da. Are gehiago, ez du baztertzen Twitter-ek herrialderen baten desagertzea, ideiak “hain desberdinak direlako”.

Errealitate hurbilean, mendebaldeko Europan, Alemanian edota Frantziar estatuan hain justu, nazien alde egitearren tweetak zentsuratuak izan dira, herrialde hauetan nazien aldeko adierazpenak legez debekaturik direlako. Oso ondo. Baina Sarkozyk edota Zapaterok Libia bonbardatzea legearekin bat datorrelako? Mandela atxilotu zutenean buruzagi baltzaren aldeko tweetak egitea (oraindik ez zen existitzen, baina adibide bat da)  ilegala litzateke? Otegiren aurpegiarekin batera “askatasuna” eskatzea ilegala da egun Espainiar estatuan?

Batzuen komentarioak ez direla publikatuko hemendik aurrera herrialde jakin batzuetan, bai aldiz beste lekuetan esan du Twitter-ek goizez. Arratsaldez, aldiz, bozeramaile batek zehaztu egin du goizeko berria; “gure iragarkia ez du zentsurarekin zerikusirik. Legea bete baino ez dugu egingo”. Ez dut zehaztasunik ikusten egia esanda.

Beldurra ematen du. Askatasuna, elkarrizketa, hartu-emana. Ez dira hauek sare sozialen azpian mantentzen diren oinarriak? Azkenik, mass-medioen akats guztiak hemen ere errepikatuko dira? Garai bateko boderearen gehiegikeriak egun legeaz mozorratzen dira. Hori badakigu ere.

 

 

Add A Comment