Kalitatezko edukiak Kepa Aceroren blogan
Badira blogetan eta social mediaren inguruko tutorialetan eta, orotara, mundu honen gainean garatutako testu eta tutorialetan edukiei buruzko hamaika bat proposamen. Gure ikastaroa amaitzear dagoelarik, edukiak aztertuko ditut oraingo honetan eta horretarako Kepa Acero surflariak bukatutako “Azken muga” proiektua hartuko dut adibide.
Hauek dira, besteak beste, Aceroren blogak eskaini dituen hainbat klabe.
Abentura: Hainbat gauza daude ezagutzeko munduan eta Bizkaiae.biz agerkari digitalean Kepak esaten duen moduan, “egoera horrek erakarten nau, hor dago abenturea”. Pare bat aipatzeagatik, tsunami antzeko batek eragindako olatu baten gainean hamar bat minutu egin zituela, surf egiten. Eta beste bat, bi orduz edo ondar mugikorretan irten ezinik ibili zenean.
Irudia: Bere blogaren bitartez Kepa erreala jarraitu dugu Patagonian. Ezagutzen dugun Algortako surflaria etxetik urrun eta bakarrik ibili da, baina gertutik jarraitu dugu. Teknologiari esker gainera, bere bakardadean surf egiten ikusi dugu, jakinda han ez zegoela kameralaririk Kepa taula gainean filmatzen. Keparen kamerak ziren (uste dut normalean bi erabili dituela) eta lortutako irudi hoiek, berak egindakoak, paregabeak dira, bakarrak.
Bakardadea: Naturarekin hartu-emonetan ibili da Kepa. “Gizakirik ez baina piztiak inguruan ikusteak sentsazino berezia eragiten deutsu, ze edozein momentutan piztien otordua izan zaitekez eta hor konturatzen zara katean zagozala eta beste animalia bat besterik ez zarela” esaten du Kepak.
Begikotasuna: Abereen gainetik, hainbat lagun egin ditu Acerok Patagonian eta bere blogari esker, batzuk ezagutu ditugu. “Hor zehar ezagutu dodazan lagunak be ez dodaz ahaztuten, akaso, gehiago ez dodaz ikusiko, baina batzuk betirako lagunak dira dagoeneko” esan du. Horrez gain, dudarik ez dago, Kepak begikotasun kutsakorra duela eta jendearekin harremanak egiteko modua benetan xelebrea da benetan. Asko disfrutatu dut nik!
Estilo liburua: Edukiaz gain, kontatzeko modua ere garrantzitsua da dudarik gabe. Liburu estilo ofizialik egon ez arren, badira blogetan idazteko makinatxo bat aholku. Kepak erabilitako estiloa oso erakargarria da, badu zer kontatzerik, ikusi eta bizitzen duena hain justo, baina oso polita kontatzen du gainera.
Teknologia: Kepak berak azaltzen du oso ondo. “Teknologiari esker, itsasoaren egoera zehatza ezagutzeko aukerea be daukagu eta, esangura horretan, izan leiteke surfak enkantua galdu izana, zer pasauko dan aurretiaz dakizulako. Baina, beste alde batetik, teknologiari esker izango ez balitz, ezinezkoa litzateke aitatutako olatuetako askotan surfa egin ahal izatea”.


Add A Comment