Getxo, krisia eta toronboloa
Zeharo aldatu da Euskal Herria eta urte batzuk kanpoan eman ondoren guztiz aldatuta ikusi nuen Getxo. Azken urteetan bertan bizi izan naiz eta aldakuntzaren aurpegiari zergaitiak jartzen dizkiot.
Irakaskuntzan, A eredua mantendu arren, bada, berriro ere, erdal eredua nagusia izango den institutoa. Irakaskuntza publikoa gutxienena den honetan, eta eskuineko alderdiak nagusi direnez, beti ere ahaztu egiten da publikoaren beharrak. Aurrera egin beharrean, atzera egin dugu. Txirotasunari ere aurpegia jartzen diogu orain. Bete-beteta izaten da beti Lanbideko egoitza Areetan eta kriston mugimendua izaten da ere Getxolaneko bulegoan. Laguntza sozialak ez dira nahikoak. Gure agureak jagoteko eta gure etxeak garbitzeko lanean ibili diren askok eta askok atzera egin dute berriro ere haien jaioterrira. Portu Zaharreko Etxetxuko arkupea lo egiteko lekua bihurtu da.
Saltoki-gunea eraiki zuten Bolue gainean, zabortegia zegoen leku berean. Kirol portua sortu zuten itxasoari lekua kenduz. Txaletekin okupatu zituzten Andra Mariko berde guneak. Bitartean, herriko saltokiak eztutu zituzten. Areetan beste baldintza batzuk emon dira, baina pena ematen du, batez ere, Algortako merkataritzak eskaintzen duen irudia.
Urteak pasatu dira eta hipokresiaren aurpegi gogorra ezagutu dugu baita ere. Tokiko merkataritzaren aldeko kanpainei ekiten diote orain, duela urte batzuk Euskal Herriko alde honetan saltoki-guneak etengabe defendatu zituztenek. Gauzatzeko erraztasun guztiak eman zituztenak, ez dira oso pozik Kirol portuan jasotzen ditugun trafiko arazoak jaso behar dugulako eta bertan sortzen den aisialdi eredua a ikusirik.
Badakit idatzitakoa ez dela inauteri giroan esan daiteken aproposena, baina behar bada aratusteari murgilduta itxaropenarako para bat gauzatxu ikusi ditut eta.Joan zen barikuko desfilea, behintzat haurren parteahartzeak ez du atzera egiten herri honetan. Tabernari eta oro har dendari batzuen bultzada. Badira hainbat adibide; eskaintza bitxiak eta hausartak egiten dituzten dendariak (perfume alternatiboak, arropa merkeak, janari exotikoak, produkto kulturalak…) eta garai bateko ideiak berreskuratu dituztenak; musika zuzenean hain zuzen. Erasoka musika taldearen formato txikiko kontzertua ikusteko aukera izan genuen joan zen laraunbatean Gatxo tabernaren eskutik. Ok.
Toronbolo bat dastatu genuen gainera, aspaldiko partez, Etxetxu tabernan. Behar bada, turismoari begira eskaintzeko produktoa. Gerria mugi beharko da.

